XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Santuaren izenean. Ahalmen

Amazona guztiak ez baitira Talestris, eta aitagai guziak ere, Alejandro Haundia ez direnez gero ulert daiteke, akaso, norbaitek ama izan nahi eta enbrioi saltzaile batengana jotzea.

Ulert daiteke ere, bizitza izozkailuan gorde duen enpatxatzaile hau puztu egitea ikusirik bere eskuartean, ortodoxia zorrotzenak Trinidade Santua deitzen duena alegia: tubotxo bakar batean Aita, Semea eta esperimentu guztien printzipio eta indar sortzaile den Izpiritu Santua bilduta.

Ulert daiteke, inguru esterilizatu horretan eragin duen biziaren aurrean zirrara ezti, hozkirri batek hartzea.

Ulergarria da, halaber, aitarik gabeko umerik ez den munduan, denbora paperak belzten ematen dutenak, umearentzako aitaren baten bila hastea, eta aitaren izena sekretu profesionalpean denez gero, guztiek hartzea aitaren izenean mintzatzeko eskua.

Profesionalpean denez gero, guztiek hartzea aitaren izenean mintzatzeko eskua.

Ulert daiteke ezer esateko gauza ez den Semearen izenean batek edo bestek kateximan ikasitako Aita Aita, zergatik abandonatu nauzu? eta antzeko sikolosaltsa perejileroak botatzea.

Ulert daitake, begiak mikroskopioan errez, azkenik Kristoren imitazionea sortzea lortu duenak, bere obratxoa patentatu eta legezko gordailua eskatzea, aurrerantzean jujei utziz Izpiritu Santuaren izenean mintzatzeko ahalmena.

Izpiritu Santuaren eta Semearen eta Aitaren izenean.

Ahalmen.

Guzti hori eta gehiago ulert dezakegu, akaso, gauza aunitz, gauza guztiak? ulert ditzakegu, beharbada.

Ulertuko didazue zuek ere, agian, ni orain, gauza errazak konplexu bihurtzeko zientziak zenbat aurrreratu duen ikusita, ura nahi eta besterik gabe iturrira joatea zegoen garaietaz etsipen apur batez oroitzea.

Alejandro Haundiaren kanpaindendaren aurrean plantatu zen Talestris nostalgiaz eta miraz gogoratzea.

Bakartxo Arrizabalaga

(Hondarribia)